KORRIKA BEREZIA IKASTOLAN

Oporrak hartzeko eguna, egun berezia izan da oraingo honetan ere. Ikastolako ikasgela guztietan Korrikaren inguruko lanketa egin genuen pasa den ostiralean. Korrika ekimen kuttuna da Ikastolan eta aurten guztia hankaz gora jarri zaigula dirudien arren, gure ekarpen xumea egin genuen Korrika gelatara ekarriz. 

Hala, Bazkardon jolasgaraiko tartean ikasleek hain maitea duten Korrika Txikia ospatu zuten. Bi urtetik behin ateratzen den furgoneta martxan jarri, lekukoa tinko eutsi, hain ezagunak diren Korrikako abesti ezberdinekin girotu eta talde egonkorrak mantenduz bakoitzak bere eremuan korrika saioa burutu zuen. Ondoren pregoia irakurriz ospakizun honi amaiera eman zioten.

Txistokin, Lehen Hezkuntzako 3-6 mailetan, goiz osoan murgildu ziren Korrikaren inguruko lanketa egiten. 2019ko edizioko argazki eta bideoak ikusi genituen, gure ikasleek gogora ekar zezaten Korrikari buruz zekitena. Korrika zer zen gehiago ikasi zuten, aspaldiko argazkiak ikusi genituen eta Kahoot! jolas berezia izan genuen. Bukatzeko, gela guztiek oporraldi honetan euskara erabiltzeko konpromisoa idatzi eta sinatu zuten. 

Helduenek ere, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleek, euren omenaldi txikia egin zioten Korrikari. Kaleetan barrena, lekukoa eskuan ibiltzerik izan ez zuten arren, Korrika gelara ekarri nahi izan genuen. Horretarako, Ur-handitan telebista saioan Korrikak 40 urte bete zituela eta, zabaldutako emanaldi berezia ikusi zuten. Bertan, ikasleek hainbat pertsonaia ezagunek emandako testigantzak ezagutu zituzten, eta, hala, korrikaren sorrerari, historiari edo eta egindako lanari buruz hausnartzeko beta izan zuten. 

Zabaldu:
Posted in Sailkatu gabea.