Ongi etorri ikastolara!
Mende erdia baino gehiago dirauen bidea da gurea. 1963ko azaroaren 12an ireki zituen ateak Andoaingo Aita Larramendi Ikastolak; 53 haurrek eta 2 irakaslek estreinatu zuten egun hartan Ikastola, Doña Juanita Alkainek utzitako etxean.
Andoaingo haurrak euskaraz hazi eta hezteko helburua genuen. Euskal kulturatik abiatuta, herriko haurrei euskara hutsezko hezkuntza eskaintzen zien lehen ikastetxea izan ginen. Eta horretan dihardugu.
Zuri-beltzeko argazki bat dirudien arren, hamaika kolorez betetako irudiak ditu gure Ikastolak. Hainbat lekutan izan genituen ikasgelak, Andoainen jaio eta hazitako euskal nomadak izan ginen. Hazten joan ginen ordea, etengabe gorantz begira.
Garaiak erabat aldatu dira: Andoain aldatu da, baita gizartea ere. Noski, gure Ikastolak ere, 50 urtetik gorako historia honetan, aldaketa ugari bizi izan ditu. Orduko 53 haurretatik 1000 ikasle izatera pasa gara eta 80 profesionalek egiten dugu lan Ikastolan, Bazkardo eta Txistokiko egoitzetan.
Hala ere, bada zerbait azken mende erdi honetan aldatu ez dena:
- Ikastolak familiena izaten jarraitzen du, Herri Onurarako Kooperatiba Europarra baikara.
- Haur euskaldun eleanitz konpetenteak heztea da gure helburua, Europa mailan saritutako materialaren laguntzaz.
- Mundu zabalera begira dagoen euskal eskola da Andoaingo Aita Larramendi Ikastola, kanpora begira dagoena, erroak non dituen ahaztu gabe; euskaratik eta euskaraz lanean ari dena.