EKI proiektuaren ezaugarriak
EKI proiektua ikasmaterial berri eta berritzailea da. Euskal Curriculuma garatzen du, konpetentzietan oinarrituta eta integrazioaren pedagogiaren bitartez.
2013-14 ikasturtean hasita, DBH 1erako ikasmaterialak argitaratu ziren. Dagoeneko iritsiko dira Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako etapa osorako prestatutakoak.
Euskal Curriculuma bizkar-hezur
2008-09 urteetan Euskal Herriko ikastetxe gehienek elkarrekin eraiki eta onetsi zuten Derrigorrezko Eskolaldirako Euskal Curriculumean oinarritzen da EKI. Konpetentzietan oinarrituta dago.
Edozein bizitza-egoeratan konpetentea izatea lortu behar du ikasleak; pentsatzen eta ikasten, komunikatzen, elkarrekin bizitzen, norbera izaten eta egiten eta ekiten jakin behar du.
EKI proiektuak lau osagai kurrikular ditu:
- Konpetentziak landuz ikasi eta irakasten da.
- Euskal kultur ibilbidean eta curriculum ofi zialetan oinarritzen da.
- Ikas arlo guztietan prozedura sistematizatuak errazten dira, ikasten eta egiten jakiteko
- Euskara ardatz duen hizkuntzen planteamendu integratua egin da.
EKI material berriok Integrazioaren Pedagogia hautatu dute. Egoerei irtenbideak aurkitzen ikasi behar du ikasleak, ikasitakoa egoera berrietan baliatzeko. Proiektu aitzindaria da Europan. XXI. mendeko hezkuntza berritzeko apustu euskalduna da EKI.
EKIren edukiak
Bi euskarritan aurkezten da EKI proiektuaren materiala, paperean eta digitalean.
Era berean, EKIgunea web orrialdea garatu da, euskarri digitalak biltzen dituen txokoa. Bi euskarriak ez dira banaka aurkezten, elkarren osagarri gisa baizik, ikasleek IKTren konpetentzietan eta ezagutzan sakon dezaten.
DBHrako prestatutako proiektuaren barruan sei alor jorratzen dira:
- Euskara eta Literatura
- Lengua Castellana y Literatura
- English
- Matematika
- Gizarte Zientziak
- Naturaren Zientziak
Unitate didaktikoak jasotzen dituen ikasmaterialaz gain, jarduera fitxak, portafolioa eta lan-koadernoak ere baditu. EKIguneak, EKI proiektuaren webguneak, euskarri digitalak biltzen ditu: audioak, bideoak, animazioak, irudiak, jarduera osagarriak, konpetentzia digitala lantzeko fitxak eta informazio-testuak.